Baliteke, honezkero, Sanchez presidenteak, bere erabakia hartuta eta komunikatuta izatea. Baina zutabe hau idazten ari naizen unean, igandean, ez dakigu oraindik. Askotxo hitz egin da Espainiako gobernuburuak idatzitako gutunaz eta gobernuburu izaten jarraituko duen edo ez erabakitzeko hausnarketarako denbora hartu izanaz. Salatu duen jazarpena kondenatzeaz gain, bi izan dira iritzi gehien batu dituzten gaiak: batetik, gobernuburuaren erantzukizunaren gainekoa eta, bestetik, emazteaz maiteminduta dagoela adierazi izana.

Iruzkingile gehientsuenek dimentsio eta maila ezberdinean kokatu dituzte gobernuburu batek bere herriarekiko duen erantzukizuna eta jazarpen pertsonala. Hau da, jazarpena ez omen da nahikoa gobernuburu izateari uzteko. Bestetik, emazteaz maiteminduta dagoela esatea, barregarri uzteko erabili dute bai iruzkingileek eta baita politikari aurkariek ere.

Iruzkin hauetan, ordea, figura bat ahaztu dela iruditzen zait: pertsonarena. Sanchez presidentearena eta bere emaztearena. Gutxi batzuri entzun diegu esaten presidentea lur jota dagoela. Innerarityk berak jakitera eman digu, presidenteak emazteaz hitz egin zionean, ez zela enpatikoa izan. Ez zuela jakin zer erantzun. Eta gehienok ere, pertsonaz harago dagoen dimentsiotik aztertu dugu afera. Sanchez-en hausnartzeko erabakiak eta ondoren har dezakeenak suposatzen duenaz.

Baina non dago pertsonaren dimentsioa? Zenbat hurbildu zaizkio/e nola dauden galdetzera? Zer behar duten jakitera? Aholku pertsonal bat ematera? Babesa eskaini dioten gehientsuenek, gobernuburu izaten jarrai dezan eskatzeko izan da.

Pertsona erdigunean jartzen dugula diogun garaiotan, argi dago, pertsonaren gainetik dauden arrazoiak lehenesten jarraitzen dugula eta pertsona sakrifikatzeko ere prest gaudela. Pertsona erdigunean jartzen dugula diogunean, benetan, pertsonak kontuan hartzen dituzten erabakiak eta jarrerak dira hartu beharrekoak. Sanchez-ek dimentsio pertsonalari bere espazioa eman nahi izan dio egun hauetan eta horretaz pentsatzen jarri gaitu. Beste gauza askotan bezala, aitzindaria izan da honetan ere. Gehientsuenoi, oraindik, asko kostatzen zaigu ulertzea.